Pereire anaiak

Pereire anaiak

Irudi gehiago
Bizitza
Jarduerak
Lan nabarmenak
ikusi
  • Galerie de mm. Péreire (1872) (en) Itzuli

Émile Pereire (Bordele, 1800eko abenduaren 3a - Paris, 1875eko urtarrilaren 5a) eta Isaac Pereire (Bordele, 1806ko azaroaren 25a - Armainvillierseko gaztelua, 1880ko uztailaren 12a) negozio-gizon frantsesak izan ziren, Frantziako Bigarren Inperioko industria-garapenean rol erabakigarria izan zutenak.[1]

Negozioetarako sena

Gaztetan James Rohschilden babespean ibili eta harengandik ikasi ondoren, ekimen ausart batean murgildu ziren: Frantzia hegoaldean burdinbidea zabaltzea, beren sansimondar ideiekin bat etorriz. Zabalkunde hari babesa emateko, berriz, Credit Mobilier banku-erakundea sortu zuten Napoleon III.a enperadorearen babesaz, haien finantza ekimenetarako plataforma nagusia[1][2]. Haien negozioen hedakuntzan, Frantziaren mugak gainditu zituzten, bereziki burdinbidea garatuz eta Rothschild familiako nazioarteko finantzariekin estu lehiatuz.

Konpainia ugariren jabe izan ziren ondorengo arloetan: bankuak, higiezinak, burdinbideak, itsas garraioa eta aseguruak. Higiezinen artean, Parisko 17. barrutiaren (arrondissement) zati handi baten eraikuntza eta antolaketa haiei zor zaie, eta Haussmann baroiaren higiezin proiektuekin gogotsu espekulatu zuten[1]. Gainera, turismoa eta bainuetxeak biziki sustatu zituzten, adibidez, Arcachon neguko oporretarako herria eta haren mairu-estiloko kasinoa eta etxalde ederrak, pertsonaia aberatsen erakargarri[1].

Boterearen gailurrean zirela, Emile Girondako diputatu hautatu zuten 1863an eta Isaac, berriz, Ekialdeko Pirinioetako diputatu. 1867ko Crédit Mobilier-en porrot arte, Pereire anaien negozio-multzoa Europako finantza-talde indartsuena izan zen burdinbidea eraikitzeko nazioarteko inbertsioak egiten[3].

Familia

Portugaldar etorkinen bilobak ziren, judu sefardiak.[oh 1] Familia ugariak izan zituzten: bost seme-alaba bana. Elkarren ondoan bizitzea erabaki zuten, Faubourg-Saint-Honoré kaleko etxe handi dotore batean.[1] Emile eta Isaac zahartu ahala, haien semeak sartu ziren Crédit Mobilier-eko zuzendaritza-batzordean[4]. 1867an Crédit Mobilier desegin arren, haien posizioak mantendu zituzten haren bitartez sortutako Europako hainbat negoziotan, Otomandar Inperioraino heldu baitziren. Hala izan zen Norteko Konpainian ere eta, 1870eko hamarkadan, haren irabaziak biltzen jarraitu zuten.[4] Isaac Pereiren oinordekoek judu izaten jarraitu zuten, eta Austriako burdinbidearen jabe izan ziren 1938ko Anschluss arte[4].

Oharrak

  1. Jacob Rodrigues Pereiraren bilobak ziren, gorrentzako esku-zeinuen hizkuntza asmatu zuenetako bat.

Erreferentziak

  1. a b c d e GASTON-BRETON, Tristan. (2004). «Emile et Isaac Pereire, banquiers du décollage de la France industrielle» lesechos.fr.
  2. López-Morell, Miguel A. (2015), 141. or.
  3. Roth, Ralph; Dinhobl, Günter (2008), 18. or.
  4. a b c Roth, Ralph; Dinhobl, Günter (2008), 21-22. or.

Bibliografia

  • López-Morell, Miguel A.. (2015). Rothschild. Una historia de poder e influencia en España. Madrid: Marcial Pons, Ediciones de Historia, S.A. ISBN 978-84-15963--59-2..

  • Davies, Hellen M.. (2015). Emile and Isaac Pereire: Bankers, Socialists and Sephardic Jews in the Nineteenth Century France. Manchester, UK: Manchester University Press ISBN 978-0-7190-8923-7..

  • Roth, Ralph; Dinhobl, Günter. (2008). Across the Borders: Financing the World's Railways in the Nineteenth and Twentieth Century. Hants, England: Ashgate Publishing Ltd. ISBN 978-0-7546-6029-3..

Ikus, gainera

Kanpo estekak

Autoritate kontrola
  • Wikimedia proiektuak
  • Wd Datuak: Q286386
  • Commonscat Multimedia: Pereire family / Q286386

  • Wd Datuak: Q286386
  • Commonscat Multimedia: Pereire family / Q286386